Shanghai[1] (txinera tradizionalez: 上海; pinyinez: Shànghăi) Txinako hiririk populatuena da eta bere metropolia Txinako bigarren populatuena da, Chongqing megalopoliaren atzetik. Iang-Tse ibaiaren deltaren hegoaldean dago, 6.340 km² azalera du eta 29,8 milioi biztanle zituen 2025ean.[2]
Txinako Herri Errepublikaren barruan, herrialdeko gobernu zentralak zuzenean administratzen dituen lau udalerrietako bat da. Shangai Txinako hiriburu ekonomikoa da eta 4.800 etxe orratz baino gehiago ditu.
Hiria kokatzen den eremua, K.a. 960-1126 inguruan mongolengandik ihesi zihoazen errefuxiatuentzat kolonizatua eta finkatua izan zen. 1842an, Nankingo bakea ituna sinatu zenean, Shanghaiko portua mendebaldeko merkataritzari zabaldu zitzaion, britainiarrekOpioaren lehen gerran okupatu ondoren. Ekialdeko zein mendebaldeko herritarrak elkarrekin bizi izan ziren Shanghain, kultura truke aberatsa bultzatuz, nahiz eta mendebaldeko populazioa Pazifikoko gerraren hasieran hasi zen alde egiten, 1941ean. Mendebaldeko jende gehienak behin betiko ihes egin zuen komunistak boterera iritsi zirelarik, hauek tokiko ekonomia eta Txina osokoa desjabetu eta nazionalizatu zutenean. Mao Zedongen agintepean, gune neuralgikoa izan zen Shangai, eta 1990eko hamarkadan hazkunde ekonomiko eta turistiko ikusgarria izan zuen, zenbait enpresa multinazionalen egoitza izatera iritsi baitzen, etxe orratz abangoardistenak eraikita. Shangaiko Expoarekin, 2010ean nazioarteko arretaren gune bihurtu zen, eta, gaur egun, herrialdeko hiririk kosmopolitena eta modernoena da.