Frantziar Estatua État français | |||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
1940 – 1944 | |||||||
Estatu autoritarioa | |||||||
| |||||||
![]() | |||||||
Geografia | |||||||
Hiriburua | Vichy | ||||||
Kultura | |||||||
Hizkuntza(k) | frantsesa | ||||||
Erlijioa | Katolizismoa | ||||||
Historia | |||||||
Petain mariskalaren izendapena | 1940 | ||||||
Frantziako askapena | 1944 | ||||||
|
Vichyko[1] Frantzia, Vichyko erregimena edo Vichyko gobernua Frantzian 1940ko uztailetik 1944ko abuztura artean Frantziako Hirugarren Errepublika ordezkatu zuen gobernuari ematen zaizkion izenak dira. Izena Frantziar Estatua (État Français) hartu zuen.
1940ko uztailaren 10ean Hirugarren Reichak Frantziako guduan Frantzia menderatzearen ondorioz, Biltzar Nazionalaren bozketa baten ondoren, Philippe Pétainek gobernu berria aldarrikatu zuen. Bozketa haren bitartez, Pétain Hirugarren Errepublikaren azken Lehen Ministroak (Président du Conseil) botere berriak bereganatu zituen, "Frantziar Estatuaren buruzagi" (Chef de l'État Français) bilakatzeko. Pétainek politika erreakzionarioa gidatu zuen, Révolution nationale izeneko mugimenduaren bitartez "Nazioa bere onera ekartzea" helburutzat zuena[2].
Wehrmachtek okupatu zuen Frantzia iparraldean, tartean Ipar Euskal Herriko zati bat, eta Vichyko erregimenak nolabaiteko eragina zuen; hau da, lege alemaniarrenarekin kontraesanean ez zeuden bitartean, haren legeak oraindik indarrean zeuden. Vichyn hiriburua zuen hegoaldeko "alde askean", berriz, jaun eta jabe izan zen.
Pétainen gobernuak nahita kolaboratu zuen naziekin. Poliziak eta Miliziak (Milice) judu eta, alemaniarren ikuspegitik, "jendaila" zirenak harrapatzeko operazioak egin zituzten, bai iparraldean bai hegoaldean[3].
Charles de Gaulle jeneralak Pétainen gobernuaren legitimitatea zalantzan jarri, eta beretzat hartu zuen Frantziar gobernuaren jarraipena. Overlord operazioaren ondoren, Aliatuek Frantzia konkistatu zutenean 1944ko ekainean, de Gaullek Behin-Behineko Gobernua (Gouvernement Provisionnel de la République Française edo GPRF) aldarrikatu zuen. Abuztuaren 31n Paris askatu zutenean, GPRFek bertan kokatu zuen hiriburua eta Aliatuek 1944ko urriaren 23an GPRF onartu zuten Frantziako gobernu zilegitzat[4].
Aliatuek aurrera egin ahala, Vichyko buruzagi eta jarraitzaileek Sigmaringen-era ihes egin zuten, Alemanian. Handik, Fernand de Brinonek zuzenduriko erbesteko gobernua ezarri zuten, 1945eko apirilera arte iraun zuena. Harrapatutako kolaborazionistak GPRFek epaitu eta, asko, exekutatu egin zituen. Pétainek goi-mailako traizioa egiteagatik heriotza-zigorra jaso bazuen ere, azkenean, biziarteko kartzela jaso zuen[5].